GRANADAKO JARDUNALDI FEMINISTETAN PARTE HARTU DUGUN ADISKIDEEI ETA PARTE HARTU EZ DUZUTEN, BAINA BERTAN EZTABAIDATU DIREN ASUNTOERI BURUZ JAKIN DAHI DUZUEN ADISKIDEEI, ZUZENDUTAKO TOPAKETA ANTOLATZEN ARI GARA! JARDUNALDIAK BALORATU, PROPOSAMENAK BOTA ETA BERTAN HASI ZIREN EZTABAIDEI JARRAIPENA EMAN ASMOZ.
Estatuko Jardunaldi Feministak Granadan ospatuko dira 2009ko abenduaren 5, 6 eta 7an, berriz ere bertan elkar ikusteko. Jardunaldi hauek Estatuko Koordinakunde Feministek koordinatu eta bereziki Granadako Emakumeen Asanbladak antolatuko ditu.

Azken Jardunaldiak burutu zirenetik ia hamar urte pasa dira (Kordoba, 2000), eta “Emakumearen Estatuko II. Jardunaldiak" izan zirenetik hogeita hamar urte. Granadan izan ziren, gure hirian hain zuzen ere, 1979ko abenduan. “Granada, hogeita hamar urteren ostean: hemen eta orain” lelopean antolatutako jardunaldiek feministen topagune eta eztabaidagune izan nahi dute. Oraingo jaurdunaldietan, eztabaidak anitzagoak izango direla uste dugu, pluralagoak, agian “emakumeen zapalketaren jatorrian” eta identitate itxi eta monolitikoetan oinarrituko ez direnak. Feminismo hau beharrezkoa da oraindik zapalketa zaharren eta berrien aurkako “borroka” kolektiboak ikusgai egon daitezen.
Feminismo kritiko, global eta zeharkako batez ari gara. Feminismo hau disidentzia aktiboan oinarritzen da eta ez biktima izatean; emakumea izateak daraman aniztasunaz kontziente den feminismoa da; injustiziak eta desberdintasunak gogoan dituena (etniak, migranteak, indarkeria matxista, aukera sexuala, gorputz aniztasuna, gazteenak, helduenak, sexuaren negozioan lan egiten dutenak, sexu langileak...) .
Hogeita hamar urte eta gero, Granadan berriro emakumeok gure ibilbidean bildutako guztia trukatu ahal izango dugu; erakusteko, kontatzeko eta ikasteko gunea izango da.
Eta hegazti bidaiariek topo egiten duten bide honetan, guztion artean josiko dugun sare trinkoan, hau da, jardunaldietan, emakumeek belaunaldi desberdinetan zehar egindako borrokak lotuz genealogia ezarri nahi dugu: gure memoria historiko urrunena berreskuratu eta hirurogeita hamarreko hamarkadan frankismoaren aurkako borroka bizi eta trantsizio politikoan parte hartu zutenen borrokak eta gaur egun ikusgai jarraitzen dutenak lotuz.
Bide eta ibilbide sare trinko hauek gure “corpus” feministaren eztabaidak, eboluzioa eta oraingo ikuspegiak dagozkien tokia hartuko dute.
Hegazti bidaiariek jakin bezate Estatuko Jardunaldi hauek ez direla, eta ez dutela izan nahi, gogoratzeko moduko egunak bakarrik: gure denbora historikoan lanean jarraitzeko topagune izan behar dira.
Zain gauzkazue, 30 urteren ostean, hemen eta orain. Astarte, Tartesosko nabigatzaileen jainkosa, zuen gidari izan dadila Hegoalderako bidaia honetan.
Ongi etorri…
“Koordinakundea” talde feministok elkartzeko eta ados jartzeko gunea da. Emakume-taldeen sare honek biltzar bidezko funtzionamendua du eta talde feministei irekita dago. Talde honetan parte hartzen dugunok izaten ditugun esperientziak, eztabaidak eta jarduerak elkarrekin trukatzen ditugu. 1978. urtean sortu zen ahaleginak elkartzeko eta koordinatzeko, emakumeen artean eta gizarte osoari ideia feministak hedatzeko eta planteatzen ziren aldarrikapenak politika eta gizarte arloan lehen mailan ezartzeko.
Eta hainbat kanpaina burutu ditugu: dibortzioa eta abortu librea eta doakoaren aldekoak, indarkeria matxistaren aurkakoa eta lesbianen eskubideen aldekoa, besteak beste.
Era berean, Koordinakundeak aldiro estatu mailako Jardunaldi Feministak antolatzen ditu. Batzuk jardunaldi monografikoak izan dira, adibidez abortuaren ingurukoak (1981), sexualitatearen ingurukoak (1983), lesbianismoaren ingurukoak (1988), indarkeria matxistaren ingurukoak (1988). Beste batzuk orokorrak izan dira, 1979an Granadan izan zirenak adibidez (une garrantzitsua izan zen, gogoetarako mugarri izan baitzen), Bartzelonan 1985an (“10 urte borroka feministaren alde”), Madrilen (1993), "Guztiok elkarrekin eta ekinean" leloarekin eta azkenak Kordoban izan ziren (“Feminismoa da… eta izango da”, 2000. urtean).