Lagunok, lortu dugu! Eskerrik asko danori!
BILBOKO UDALAK BERRETSI EGIN DU GENERO INDARKERIAREN BIKTIMEI PLAZA BAT ESKAINTZEKO KONPROMISOA
Bilbon, 2011ko maiatzak 17. Bilboko Udalak berretsi egin du Bizkaiko Emakumeen Asanbladarekin hartutako konpromisoa, Urian, genero-indarkeriaren biktimei euren oroimena mantenduko duen kokapen bat eskaintzeko asmoz. Konpromiso horren islatzat jo behar da Alkatetzaren martxoaren 25eko ebazpena, gaia Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluari helarazi eta Alkatetzara jasotzea erabakitzen zuena, azken hau baita honelako gaietan azken hitza duen organoa.
Bilboko Udalaren iritziz, genero indarkeriaren biktimak aintzat hartzea ezinbesteko pausoa da gaitz sozial hau errotik erauzteko, eta ildo horretan, ziur dago, gertaeren ezagutza zabaltzen eta gizarte osoak partekatutako sentimendu eta emozioak kanporatzen lagunduko duten oroimen-esperientzia kolektiboen sorrerak, zilegitasun osoa ematen diola gizarteari indarkeria matxistaren biktimak aldarrikatu eta indarkeria horren jatorrian diren portaerak salatzeko.
Hori dela eta, Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren ekimena jasoz eta Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluaren sostenguaz, Bilboko Udalak lanean dihardu une honetan kokapen egokiak bilatu eta hiritarrei biktimekiko elkartasuna, erasotzaileekiko gaitzespena eta indarkeriarik gabeko gizarte bat aldarrikatzeko aukera emango dien oroimenaren lekua sortu ahal izateko.
Azaroaren 25a Plaza berria kokatzeko proposamen desberdinak Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, Udal berria eratu ondoren antolatzen den lehendabiziko bileran.
| Attachment | Size |
|---|---|
| np_compromiso_asamblea_mujeres_170511_EUSK.doc | 38 KB |