Egungo gizarte asaldatuetan, hausnarketa feministarako espazioak behar ditugu, entzute sentikorrean eta elkarren arteko erkatze hausnarkarian luze jarduteko espazioak. Hondoko zaratak burrunbatsuak eta anestesiagarriak dira gizarte kontsumista/kontsumiturako eta egunez egun hutsetik hasi behar dugula dirudi –anestesia kolektibotik-. Ba al liteke ahanzturan zirrikituak zabaltzea?... berdintasunaren euritakoa, espainiar estatuan traba eta oztopo sexistak desagerrarazten dituzten legeak aldarrikatzen hasita, mugimenduaren, borroken eta kausa feministen gaineko eztabaidarako aitzakia eman. Beharrezkoa al da oraindik ere mugimendu feminista existitzea?, Zein dira haren ordezkapena beregan hartzen duten subjektuak, eta zein desberdintasun edo ezaugarriren izenean?
Argi dago sexu/genero kategoria bitarretarako subjektu deseroso eta ez egokien aniztasunak erretorika eta dialektika murriztaileak leherrarazi dituztela. Hori dela eta, gaur beharrezkoa dugu mugimendu feminista birdefinitzea, agian basakeria neoliberal kapitalistari aurre egiten dioten politika matxinatuek behar duten lurralde gisa. Erkide-esperimentaziorako eta nazioartean etorkizun den elkartasunerako mugak zabaltzeko politika feministak. Erronkak hor daude: gure bizitzak berrasmatuko dituzten agentziak formulatzeko dugun gaitasunean. Jardunaldi hauek beste irekiera bat izan daitezke hausnarketa eta borroka feministetan..., agian izango dira, dibertsitateari harrera desiratuan, egungo asaldapenerako aberastasun eta potentzialtasun gisa.
Hastapenetik, sexualitate eta gorputzen gaitegiak garrantzi handia izan du mahai-inguru feministetan. Gure gorputz eta sexualitateen bizipenak, gorputz praktikak eta plazerak garrantzi handiko gaia da oraindik ere egungo aktibismo feministentzat.
Hausnarketarako espazio bat zabaltzen dugu gure gorputz eta gure desioek eratzen duten bizipen eta prozesuen gainean, bai eta geure gorputz eta zentzuen eskarmenturako sarbide eta oztopoak, arau prozesuak eta esangura berriak emateko estrategiak ere.
Gorputz ikusezinen eta baztertutako gorputzen gainean egiten dugu galdera, isilarazitako bizipenei eta arauz kanpoko plazerez.
Gizarte botere desberdinen gurutzatze-leku gisa ikusten dugu gorputza: gizarte desberdintasunak, kultur baldintzatzaileak, genero arauak, kategoria biomedikoak... eta erresistentzia eta eraldaketarako leku gisa ikusten dugu gorputza.
Eta gorputza eta sexualitateekin lotutako eztabaida eta aktibismoen gaineko interesa dugu: hausnarketa feministak, LGBT eta queer, VIH/HIESAren inguruko aktibismoak, sexu-lanaren gaineko eztabaidak, pornografia eta pornografia ostekoaren gaineko proposamenak –eta beste hamaika gai…
Gaur egunean, mundu nahiz estatu mailan, ekonomia atzeraldian dugu, alderdi guztietatik begiratuta. Galdetzekoa da, beraz, egoera honek zein eragin duen emakumeengan eta zein diren bazterkeria edo kanporaketari aurre egiteko sortzen diren aukerak. Izan ere, emakumeak lehenengoak dira egoera zail horretan erortzen, eta areago globalizazio egoera honetan, non baliabideak eta horiek kudeatzeko gaitasuna gero eta urrunago baitaude tokiko motibazio eta beharretatik.
Prekarietatearen eta langabeziaren mamua berriro ere loratu da indartsu, nahiz eta inguruabar hauek beti egon diren presente. Eta, bestalde, jendartean nabarmena egiten da gai hauek ikuspegi feminista batetik lantzeko beharra, ekonomiaren kontzeptuaren planteamendu zabalagoa hartuta, garaian garaikoa, lan informalei lotutakoa, emakume migratzaileen egoerari, neoliberalismoari aurre egiten dioten mugimenduen proposamenei eta eztabaidatzeko dauden beste hainbat gairi lotutakoa.
Bizi gareneko sistema kapitalista globalizatuak oraindik ere joera androzentriko eta eurozentriko argia du, eta mundu osoko emakumeei kalte egiten die: errealitate anitzetan euren bizitzak kudeatzeko bide eta baliabideak ebasten dizkie. Horregatik da beharrezkoa bizi gareneko espazio eta inguruak auto-kudeatzeari buruz hausnarketa egitea; horretarako, proposamenak eta aukerak partekatuko ditugu, kaltebera egiten gaituzten egoerei aurre egin ahal izateko.
Kultur adierazpen eta ekoizpenek (erakundeen gailu artistiko/mediatikoaren parte direnak eta horri erresistentzia erakusten diotenak) badute aukera une jakin batean gizarte batek bereganatu dezakeenetik haratago doazen proposamenak sortzeko. Hori dela eta, adierazpen horiek borroka elementu bat izan daitezke, unean-uneari aurre hartzeko gai direnak eta bide berriak, aukera berriak ezartzeko, egungo arazoei erantzuna emanez.
Mundu estandarizatu batean bizi gara, non kultur adierazpenak ahalbidetu egiten baitituzte zapalketa estrategia zoliak eta, horregatik, ikaragarri eragingarriak. Sormenezko gunea zaintze plataforma bat da, eta bertan erresistentzia zaila da zenbaitetan. Gure nortasun edo existentziari buruzko narrazioak iruditegi batean du sorlekua, eta hainbat arlotatik eratzen den sareak ito egiten gaitu pixkanaka. Bizi gareneko gizartea –gero eta gehiago ikuskizun- gure gorputzak, nortasunak, gure bizitzak zeharkatzen dituen dotrinamendu baterako erabiltzen du kultura.
Ekoizpen/erakuste medioak, espazioak eta zirkuituak bereganatzea edo berriak sortzea dira diskurtsotik eta kulturatik baztertuta daudenek erabiltzen dituzten estrategietako batzuk: hor egiten diote aurre narratiben inposaketari. Sormenezko plataforma askotan, testuinguru berriak ari dira sortzen, adierazpen berriak eta ekoizpen berriak, eta bertan agerian jarri eta salatzen da bizi gareneko kultura bakarreko hipermerkatu androzentrikoa, heterosexista, transfobikoa, klasista, arrazista... Bertan, era berean, ekoizpen berriak planteatzen dituzte, erresistentzia ahalbidetzeko ez ezik bizitza modu berriak ahalbidetzeko ere bai.